Maider Urretabizkaia


Sei urte daramatzat adimen urriko haurrekin lanean, urri baino berezi hitza egokiagoa dela jabetzeko adina denbora. Sei urte zu maitatzen, jasaten…

Lanean aritzen naizen haurren artean badut koloreak maite dituen bat, Uxue, berezietan bereziena. Arkatz more batekin gerturatu zitzaidan lehengo batean eta “begira, zure begiaren kolore berdina!” Aurrekoan eman zenidan kolpeaz jabetu zen, auzo guztiaren pare. “Emakumeon kolorea da morea, polita.” Pentsakor geratu zen neskatxa.

Etxera heldu bezain laster, neka-neka egina nagoen arren, afaria prestatzen hasiko naiz, zuregatik eta zuretzat. Ez dakit zein aurpegirekin sartuko zaren gaur etxean, aurpegi madarikatuak. Uxuek behin bi buruko dragoi bat margotu zidan “ buru hau zintzoa da eta beste hau, maltzurra.” Txina bezalako leku urrunetan soilik existitzen direla sinestarazi nahi izan zidan, baina bada ezpada kontuz ibiltzeko esan nion, hona irits zitezkeela eta.

Uxuek esango luken legez “buru onarekin” zatoz etxera, zorionez. Aspaldi eman gabeko muxu goxo bat ematen didazu masailean, baina hotza sentitzen dut. Afaltzen amaitu eta lasai ohera joateko esaten didazu, zuk egingo duzula harrikoa. Sinesten dut. Hemendik hamar minutura buru txarra zutaz jabetu eta nahi bezala mendera zaitzakeela sinesten dudan moduan. Zuk esan bezala ohera joan naiz eta etorri zarenean izarapean jolastu dugu maitasunez, eta ez beste batzuetan bezala. Barkamena eskatu didazu amaitutakoan, baietz egin dizut buruaz baina badakit edozein mementotan kontrola gal dezakezula.

Goizeko zazpiak, iratzargailuak jo du eta jada ez zaude nire alboan. Banengoen bada ni, onegia ez ote zen luze irauteko. Lanera abiatu naiz eta Uxuek izarrez beteriko orri batekin harritu nau goizean goizetik, morez margoturiko izarrak. Bart gauekoez oroitu naiz. Bihotzez marrazten du Uxuek, bihotzetik ateratako hitzak kolore bihurtzen ditu hatzetara doazen heinean, berezitasun puntu batekin – eta ez adimen urriz –.

Egunak daramatzat egutegiko egunak ixa gorri batez markatzen eta medikuarenera joatea erabaki dut. Zoriondu egin nau, ama izango naiz. Jolas garaian erori eta belauna urratu du Uxuek. “Ez dut negarrik egingo, moretu egingo zait eta emakumeon kolorea eramango dut belaunean, zuk begian zenuen bezala.” Irri egin dut, hain da polita zapore garratz batetatik gozo bat ateratzen jakitea. Etxera heldu naiz zuri notizia emateko asmotan. Sentimendu batzuk ikusi ditut islatuta paper zati batean, bihotzetik behatzetarako bidean hitz bihurtuak. Ezin izan diot negarrari eutsi, bazoazela betirako.

Zure zati bat zerura, bestea infernura.

Negar egin dut, gogotik. Baina askatasun puntu bat ere nabari dut barnean, zertarako esan gezurrik?

Zoragarria da barruan zerbait hazten ari dela sumatzea: nigandik, nigatik eta niretzat bizi den zerbaiti bizitzeko aukera ematea. Badakit neska bat izango dela, uneoro ematen didan indarra sumatzen dut eta. Egunen batean begietara begiratu eta aita non dagoen galdetuko dit eta harrotasunez kontatuko diot egia. Iraultza jarriko diot izena eta morez margotuko dut bere gela.