“Ha venido mi tia la brasileña”, “berza”, “mi prima la pelirroja”… Zenbat izen, zuzenean ez izendatzeko hain ohikoa den zerbait: HILEROKOA? Eta zenbat mito ere, oraindik orain: Ez sartzeko uretara bestela moztu egingo zaizula; hilerokoarekin ez ikutzeko lorak bestela usteldu egingo direla; ez ikutzeko maionesa, bestela ebagi egingo dela. Zenbat negatibitate? Zenbat ezjakintasun? Zenbat tabu! Nondik datoz?




Sarah Maple-en Sarah Maple-en "Izan hilerokoa harrotasunarekin" irudia

Erika Irusta, “El camino rubí” blogariak argitaratutako post honen arabera, negatibitate eta ezjakintza guzti hori gure kulturek emakumeen gorputzen inguruan zabaldutako desbalorizazioaren ondorio da. Lehenengo, superstizioaren bitartez zabaldutakoak, eta, ondoren, zientziak sortutako teoriekin. Kulturalki emakumeen gorputzen inguruan negatibitate asko jasotzen dugu: ahulak direla, gaixoberak, inestableak… Eta imaginario guzti hori hilerokoan kontzentratzen da. Eta blogariaren esanetan, kulturalki jasotzen ditugun  mezu ezezkor guzti horiek, hilerokoaren bizipen ezezkorrean eragiten dute.Gorputz anitzak garen heinean (ez dago hormonalki, genitalki ez anatomikoki emakume ez gizon izateko eredu bakar bat), ez dago  hilerokoa bizitzeko modu bakar bat nahiz eta gure kulturak hori sinistarazi nahi izan. Eta emakume askok oso esperientzia anitzak dituzte. Batzuek mina sentitzen dute, baina beste batzuek ez. Batzuk tristura sentitzen dute, eta beste batzuek, ordea, edozer egiteko sekulako indarra du.

"Monthlies" bideoa hilerokoa izan berri duten nerabeei zuzenduta dago. Oinarrizko informazioa eman eta indarrean dauden hainbat uste hankaz gora jartzen ditu. Esaterako, minaren ingurukoak:  ez da hilekoaren berezko zerbait. Baizik eta, zerbait ondo ez doanaren seinale. Mina hiru faktorek sortzen dute.  Batetik, hormonen oreka falta. Bestetik utero-lepoaren flexibilitate falta zeinak odolaren jaitsiera zailtzen duen . Eta, hirugarrenik, mina jasanezina denean, espasmoak sortzeraino, patologiek eraginda izan daiteke.


 

Emma Arvidaren "There will be blood" bildumako argazkia Emma Arvidaren "There will be blood" bildumako argazkia

Gure kulturak txikitatik erakusten digu  lotsagarri bezala bizitzen, begi publikora izkutatu beharreko zerbait bezala sentiarazten. Zeren eta, hilerokoarekin mantxatzen bazara eta ingurukoek ikusten badute txarri bat zara, zikina. Iragarkiek ere indartu egiten duten irudi bat da. Produktu desberdinak saldu nahi izaten dizkigute hilerokoa besteen begietatik ezkutatzeko: txarto ez usintzeko, ez nabaritzeko, gure aluak garbi mantentzeko...


Tabú eta negatibitate guzti horri aurre egin eta salatzeko, hainbat ekimen sortu dira azken aldian. Emma Arvida Bystrom argazkilariak hilerokoaren tabuei desafio egiteko “There Will Be Blood” argazki bilduma osotu du. Bildumaren xedea da hilerokoa bizitza publikoan integratzea,  izkutatu beharreko zerbait izateari uzteko. Erakusteko, ez dela ezer gertatzen mantxatzeagatik, ez dela zerbait zikina.


Sarah Maple-en  "Izan hilerokoa harrotasunarekin" irudia ere oso ezagun eta polemikoan bilakatu da.“Uste dut lotsaren izugarrizko karga existitzen dela emakumearengan. Nire hilerokoarekin hasi nintzen guztiz izututa nengoen, sekulako umiliazioa zela pentsatzen nuen. Eta bizipen guzti horietan, zerbait kulturala dagoela pentsatzen dut" Obraren xedea da, beraz, hilerokora heltzear dauden edota hilerokoa duten nerabeek berak bizitako sentimendu ezkorrak ez sentitzea. “Gustatzen zait tabuez barre egitea  eta hori da egin dudana pinturarekin. Horren inguruko drama sortu nahi nuen, erlijio pintura klasikoetan bezala eta horregatik du erlijio altarearen forma. Ikusten dira denak hain alarmatuta eta shock egoeran, barrezka bukatzen duzula"


 

Facebook-eko “Visibilidad menstrual” orrialdearen helburua da hilerokoaren bisibilitatea sustatzea hainbat eremutan: eskolatan, lanean, jaietan, ekimenetan… “Ezagutzera ematea hilerokoarekin gaudela naturalitate osoarekin modu sinple eta praktiko batetan, pultsera edo brazalete gorri batekin. Elkarrizketa zabaltzea, galdetu ahal izatea nola sentitzen garen. Errespeturako eta tabuen desagerpenerako pausu bat da”. Madrileko Sangre Menstrual kolektiboak, bestalde, hainbat ekintza burutu zituen 2010an emakumeen gorputzen eta bizipenen inguruan ezarritako ikusezintasuna zein kontrola salatzeko”. Emakumeen gorputza espazio politiko bezala aldarrikatzen zuten, eta, horregatik, “Hilerokoaren Ikusgarritasunaren Aldeko Manifestua” (Manifiesto por la Visibilidad de la Regla” argitaratu eta hainbat kale ekintza antolatu zituzten.


Ezinbestekoa dugu gure gorputza ezagutzea eta, batzuetan, jasotzen ditugun mezuei entzungor egitea, gu geu izateko. Eta galdetzea zer garen, zer sentitzen dugun, nolakoak izan nahi dugun! Margoztu ditzagun kaleak gorriz!

 

https://www.youtube.com/watch?v=JcNcVfbpN_M

Beldur Barik 2013-ra hilerokoaren inguruan jasotako lana