Ikus-entzunezko lanen kalitate teknikoa baino gehiago, proiektuek igortzen duten mezua izango da kontutan hartuko duguna.  Indarkeria sexistaren gainean eta berau sostengatzen duen indarkeria matxistaren gainean egiten duzuen hausnarketa isladatu beharko dute, baina beti, horren aurreko Beldur Barik Jarrera adierazita. Alegia, nola bizi duzuen edota ikusten duzuen indarkeria sexista zuen egunerokoan, horren aurrean zer egiten duzuen, nola egiten diozuen aurre, nola apurtzen duzuen ohiko rol eta jarrerekin... Hau da, indarkeria sexistaren eta kultura matxistarekiko jarrera apurtzaileak isladatzea. Zehazki, honako mezu eta hausnarketak plazaratuta:

  • Emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak gainditzeko, eta harreman libre, errespetuzko, parekide, anitz eta ez-sexistak eraikitzeko konpromiso pertsonal edo kolektiboa.

  • Neskak ahalduntzeko eta beraien autodefentsarako gogoetak eta eztabaidak sortzen dituzten mezuak.

  • Mutilek, banaka nahiz taldean, ezberdintasunezko eta indarkeriazko egoeren aurrean jarrera aktibo eta konprometitua dutela erakusten duten mezuak.

  • Indarkeriaz hitz egiterakoan, estereotipoak gainditu behar dira. Hau da, ez da bikotekidearengandik edo bikotekide ohiarengandik datorren indarkeria fisikoaz bakarrik hitz egin behar.

  • Desberdintasuna eta kultura matxistak erabiltzen dituen indarkeria mota guztiak sendotzen dituzten faktoreak ikusgarri egitea.

  • Dramari ihes egin behar zaio, eta neskak eta emakumeak ez dira erakutsi behar ezertarako gai ez diren biktima gisa.

  • Originalak izan behar dira, bai tonuan, bai gaian, bai mezua emateko moduan.


Animatu, eta erakutsi zure Beldur Barik Jarrera!! Pentsatu, eztabaidatu eta ekin, Beldur Barik Jarrerarekin!