Egunotako post-etan hitz egin dugu badagoela maitasun harremanak baldintzatzen dituen eredu nagusi bat. Eta "Dzingora" lanaren egileekin hitz egin nahi izan dugu ( 2013ko Beldur Barik lehiaketako bigarren kategoriako lan irabazlea izan zen)  modu oso argi bezai sinplean erakusten digulako zertan datzan bikote-harreman exklusibo eta kontrolatzaile bat. Baina baita ere, horrelako harreman baten aurrean Beldur Barik Jarrera adierazten duelako.  Bere egileekin hitz egin nahi izan dugu, 23 urteko Lorea Diez-ekin eta 21 urteko Mikel San Juanekin, aurkeztutako lana hobeto ezagutu eta beraien ustez Beldur Barik Jarrera zertan datzan ezagutzeko. Ez galdu beraien bideoa eta elkarrizketa!




 

ZER DA AURKEZTUTAKO IKUS-ENTZUNEZKOAREKIN ISLADATU NAHI IZAN DUZUENA?

Gure mini- laburmetraiarekin sarritan ematen den egoera bat salatu nahi izan genuen, normaltasunez hartzen den egoera bat, hain zuzen ere. Hitz gutxitan esanda, teknologia berriek eskaintzen dituzten abantailak, maiz desabantailak bihurtzen dira. Izan ere, bikote batzuen arteko harremanetan ematen den kontrol toxikoa teknologia berriek (telefono mugikorra, whatsApp-a, sare sozialak…) areagotu egiten dute, hauek eskaintzen duten erraztasunagatik.


Bestalde, amaiera positibo bat eman nahi izan genion, egoera toxiko horretatik ateratzea bakoitzaren eskuetan baitago. Hori da, hain zuzen, gure pertsonaiak egiten duena: gai da ikusteko onuragarria ez den egoera bat, eta konponbide bat bilatzen du horrekin amaitzeko.


Pertsonaiak arazoa hasieratik mozten du eta hori txalotu beharra dagoela uste dugu.


Amaitzeko, guk plazaratu nahi genituen mezuak hauexek dira:


-Biolentzia sexista edonon eta edonori gerta dakioke: gure etxean, lagunen artean, gazteei, nagusiagoak diren pertsonei… Ez da soilik gizarteko multzo baten arazoa, guztiona baizik.


- Jipoiak jasotzeaz gain, badaude beste eraso matxista asko. Mota askotako indarkeriak daude eta horiek identifikatu behar ditugu osotasunean, begi-bistakoak ez badira ere.


- Biolentzia harreman bat pairatzea edonori gerta dakioken moduan, guztiok onurak ekartzen ez dituen harreman batetik ateratzeko gai gara. Pertsonak ez gara bizi beste baten menpe egoteko, eta hori pentsatzen dutenei erakutsi behar zaie erratuta daudela.


 

ETA ZER ESAN NAHI DU LANAREN "DZINGORA" IZENBURUAK?
DZINGORA hitza, Lekeition erabiltzen den hitz bat da. DZINGUA uraren (itsasoa adibidez) zati sakonari deitzen zaio. Hortaz, dzingora botatzea, uraren zati sakonera botatzea esan nahi du.



BIKOTE-HARREMANETAN EMATEN DEN KONTROL EGOERA BAT ERREFLEJATZEN DUZUE

 Gure asmoa izan da, biolentzia sexistaren beste aurpegi bat erakustea, maiz, jarrera inuzenteak diruditenak baina ondorio kaltegarri bat daukatenak.


Askotan zabalduta dagoen pentsamoldea da, 50 - 60 urte bitarteko etxekoandreek tratu txarrak jasotzen dituzten pertsonak baino ez direla, baieztapen hori guztiz gezurrezkoa da. Gazteen artean tratu txarrak ematen dira, eta hauek, askotan, ez daude agerian. Horiek identifikatu eta salatu nahi izan ditugu gure laburmetraiaren bidez.


Gazteon artean gehien bat, bikotearekiko kontrol sutsua normaltzat hartzen dugu maiz. Non dagoen? Norekin? Zertan? Galdera inozoak dirudite, baina obsesioa ere bihurtu daitezke. Teknologia berriek besteak kontrolatzeko aukera paregabea ematen digute, eta inertzia horri jarraituz, pertsona askok, nahita edo nahigabe, erabiltzen dituzte bikotekidearen bizitzaren berri izateko. Gure ustetan, sarri, ez gara kontziente kidea itotzen gaudela eta hasierako galdera soilak, jarrera arriskutsu batean bilakatzen direla.


Ikusleak, laburmetraiaren bidez, pairatzen du zer den horrelako harreman bat jasotzea, pertsonaiarekin bat eginez. Esperientzia hori erabili nahi izan dugu, ikusleak hausnarketa lan bat egitera bultzatzeko: Nik egiten dut hori? Niri egiten didate hori? Lagun batek oso antzekoa den harreman bat du? Azken finean, ustezko itzaletan dagoen harreman toxiko baten inguruan ikuslea pentsaraztera eraman nahi izan dugu.


 

ZEINTZUK DIRA EMATEN DIREN BESTELAKO KONTROL EGOERAK ETA ZUEN USTEZ, PASATZEN UZTEN DITUGUNAK, HARREMANAK ULERTZEKO GURE MODUAGATIK?

Suposatzen dugu harreman bakoitzaren eskutik bikotea ulertzeko modu desberdin bat dagoela. Baina egia da bikote harremana ulertzeko moduak eragin izugarria duela gauza bat edo beste onartzerako momentuan. Iruditzen zaigu oso zaila dela harreman bat sortu duzunetik aurrera, hasiera batean normalak ziren egoerak, geroago anormal moduan irudikatzea.

Hamaika egoera egongo dira ustez legezkoak direnak baina itzaletan zerbait ezkutatzen dutenak. Oro har, uste dugu, errazago egiten zaigula besteen harremanez hitz egitea, azken finean, kanpotik begiratzen ditugulako. Hauek dira bururatzen zaizkigun zenbait eredu, egunerokotasunean gertatzen direnak eta normaltzat hartzen ditugunak:

 

  • Bikoteari "minik egiten ez dion" modu baten janztea

  • Parrandan ateratzerakoan soilik lagunen artean ibiltzea, bikotea jeloskor jarri ez dadin.

  • Pertsona batek maite zaituelako pertsona hori maite behar duzula sinestea

  • Oso gutxitan ikusten ditut nire lagunak, beti mutilarekin egoten naizelako

  • Mutila den lagun batekin bakarrik geratzea arraro egiten zait, aldiz neska batekin ez

  • Ze jatorra den nire mutila, parrandan ateratzen naizen uneoro bera parrandan ateratzen da baita ere.


AURKEZTUTAKO LANEAN PROTAGONISTA KONTROL EGOERAZ OHARTZEN DA ETA AURRE EGITEN DIO. BELDUR BARIK JARRERA ADIERAZTEN DU INDARKERIA SEXISTAREN AURREAN. NOLA DEFINITZEN DUZUE JARRERA HORI?

Kontrol egoera horri aurre egitea nabarmendu nahi genuen gure lanean, guk Beldur Barik programa horrela ulertzen baitugu. Gure lanean agertzen den moduan, Beldur Barik Jarrera hitz hauekin definituko genuke: burujabetasuna, autoestima, askatasuna eta pertsona menderaezina.

Bikote bat osatzeko maila berdinean dauden bi pertsona behar dira. Bestalde, maila desberdinean dauden bi pertsonek osatzen badute bikote bat, azkenean, batek bestea irensten du eta bikote izatetik, pertsona bakarra izatera pasatzeko arriskua dago.

 

BUKATZEKO, MEZUREN BAT, HAU IRAKURRIKO DUTEN NESKA-MUTILENTZAT?

Besteak tratatu zuk jaso nahi duzun tratu berdinarekin. Biolentzia matxista ez da soilik emakumeen kontua, gizarte osoari dagokion arazo bat da. Batu ditzagun eskuak arazo larri honi aurre egiteko.

Eta amaitzeko, gozatzeko ahoa erabili, maitatzeko ahoa erabili eta oihukatzeko ahoa erabili. Beti beti beti, salatu behar dira egoera sexistak eta itzaletan dauden portaera anormal horiek zabaldu behar dira guztiok horien berri izan dezagun.

ERASORIK EZ, ERANTZUNIK GABE