Ekaina da eta sexu askapenaz idatzi nahi nuen. Badakizue, ekainak 28an gay, lesbiana, trans, bisexual eta ingurukook gure askapen eguna ospatzen dugu. Guri bakarrik ez, jende askori beteko zaio ahoa gaiarekin, ze toleranteak garen, zenbat errespetatzen ditugun aukera guztiak eta ze gaizki iruditzen zaigun LGTBfobia eta diskriminazioa. Eta nik ere idatzi nezake honi buruz, baina egia esan gaur ligatzera aterako naiz, ea nola doan asuntoa. Ez delako hain erreza.


LGTB pertsonok leku propioak behar ditugu momentu askotan. Nahiko genuke beste edonor bezala jardun munduan, baina seguru egon gaitezkeen lekuak ez dira hainbeste. Edo esango didazue jada ez dela gertatzen beste mutil bati muxu emateagatik begirada txarrak, hitz zatarrak, kolpeak ere jasotzea? Uste dut ekainak 28ko manifestazioaren ostean jai bat dagoela, gerturatuko naiz. Jendea ezagutzera, bai. Lagunak egitera, noski. Ospatzera. Eta aber ligatzen dudan apurtxo bat.

Honetan pentsatzen hasi orduko konturatzen naiz ez dela hain erraza izango. Berehala burutik pasa zait: eta inork ez banau gustoko? Ez banago nahikoa argal, edo argalegi banago? Edo ez banaiz ikusi ditudan web eta blogetan agertzen diren mutil gay estilokoa? Uff. Beldurra. Heteronormatibitateak nire egokitasuna zalantzan jartzen du, eta hori gutxi balitz, kondizio batzuk bete behar ditut LGTB mundutxoan onartua izateko. Jope, nik ere nire rollitoak izan nahi ditut.

Burua bueltaka hasi zait, ezkerreko eskuaz nire buruari masaileko bat eman diodan arte. Nire gorputza egokia den edo ez pentsatu ordez hobe dut nire burua hobeto eta gehiago maitatzen ikasi. Beldurra izan ordez hobe dut irekia izan eta ahal dudan lasaien bizi. Dexente lasaitu naiz, badakit ez dela erreza nire burua onartzea, baina askoz zailagoa da, ezinezkoa, izaera eta itxura zehatz bat izateko gogoz nirea aldatzea. Saiatu arren, ez da aterako, eta gainera... ez dut nahi! Kuadrilako Mireni entzun nion behin hori, eta arrazoia zuen, noski baietz.

Han joan gara manira, lagun kuadrilatxo bat. Eta osteko jaira gerturatu ere. Dantza egin dugu txoroen pare, hitz egin, kanpoan jarrita egon gara tarteka, gure kontuez hitz egiten. Azkenean ez dut ligatu. Bueno, hurrengoan, ez da munduko inportanteena ere. Jaiko ederrenak izan gara, zalantza gabe, eta baimenik eskatu gabe.

50ways of saying fabulous


Guardar