HARREMAN



Zenbat aldiz egin nion nire buruari galdera hau hamabi, hamalau, hamasei urte nituela. Egia esan galdera "zer naiz ni" izaten zen. Nire izateak galderak sortu zizkidan momentu batzutan eta arauez betetako inguru batean, eskolan, kalean, etxean, oso zaila zen arauak haustea. Mutilek mutilekin egon behar dutela, eta ni gehienetan neskekin gustorago egoten nintzen, lasaiago, ez nituen asko gozatzen mutilek egiten zituzten gauza gehienak, sortzen zen giroa. Beste lagun bat nuen, Joseba, esaten zuen ez zitzaiola gustatzen gelako mutilek nola tratatzen zuten elkar, ezta nola hitz egiten zuten nesken inguruan. Harekin ibiltzen nintzen askotan, baina nire lagunik onenak neskak ziren.


Hamabost urte nituela beste gelako mutil bat izugarri gustatzen zitzaidala konturatu nintzen. Eta hori esatea, mutila esanda, arazo puxka bat zen. Orduan hasi ziren galderak. Ez banaiz mutilen artean gustora egoten igual ez naiz erabat mutila? Mutil batek erakartzen banau gay izango naiz? Zer nahi dut izan? Baina gehienbat, zer izan naiteke? Tontakeria litzateke esatea "izan nintzela nik nahi nuena". Ez ba, izan nintzen (eta naiz) ahal izan nuena. Hasteko, alboko gelako mutilari esan nion gustoko nuela, eta ligatu ez genuen arren, oso ondo joan zen. Lagun handiak izan ginen handik aurrera. Nik behar nituen inguruneak bilatu nituen, lasai egoteko, babestua sentitzeko. Eta ingurune hartako asko gaur egun ere babesleku dira, eta asko hitz egiten dugu gauza hauetaz. A ze mobida batzuen ustez "ezberdinak" garelako hainbeste kontu eta komeri izatea: gure buruei etiketa jarri behar izatea, gay, lesbiana, trans garela; lagunekin sentitzen dugunari buruz kontatzeko kontuz ibili beharra, gure sexualitateen inguruan apenas deus entzutea sexu heziketaz hitz egiten denean ikasgelan...


Agian galdera okerra egin genuen. Kontua ez da zer garen gu, horrek ez du axola. Galdera ona da: nor da inor esateko bere harreman eredua eta portatzeko forma egokia dela eta besteena ez? Zuen sexualitateei buruz galdezka bazabiltzate, galdetu lasai, baina arazoa ez da zuena. Heterosexuala eta gizon/emakume "normala" izatea aukera bakar bezala jartzen digutenek dute arazoa, eta arazo hori gure arazo bilakatzeko pribilegioa, zoritxarrez. Eta horren aurrean ez gara munduko ausartenak izango, baina elkarrekin egon, lagun onen basbeslekua bilatu eta ahal dugun eta ondoen erantzungo ditugu buratzen zaizkigun galderak.