misstetas1


Sekulakoa montatu zen nerabea nintzenean nire titiekin. Uste dut hamairu urte izango nituela. Oporretan geunden gurasoen herrian. Baziren egun batzuk igertzen nuela zerbait nire titiburuetan. Nola oraindik ez nituen erabat ikasiak diskrezioaren arauak, egun osoa ematen nuen titiburuak ikutzen. Ez zen titiburuetan zehazki, barruan baizik, haien inguruan, pelota batzuk bezala igartzen nituen, titiak hazten ari balira bezala. Bueno, berez titiak hazten ari zitzaizkidan.


Adin horretan ez nintzen bereziki argala. Ez nintzen bereziki potoloa. Ez nintzen bereziki ezer, baina gaur begiratzen baditut orduko argazkiak iruditzen zait mardula nintzela, ez dakit, agian jendea gero eta argalagoa da, gero eta gehiago kontrolatzen dugu argaltasunaren neurriaren barruan gauden ala ez. Kontua da handikotea nintzela, eta nire sabelaren gainean zeuden titi parea ere handi xamarrak ziren, eta gainera ematen zuen hazten ari zirela.


Oporretan etxean arduratzen hasi ziren zergatik ote nenbilen titiak ikutzen uneoro. Esan nien zerbait nuela hor eta titiak ikutu zizkidaten. Amak lehengo. Ez zekien zer pentsatu. Aitak gero. Anaiari eskatu zioten ere nire titiak ikutzeko, eta gutxi balitz hurrengo egunean igerilekuan osaba batek ere titiak ikutu zizkidan. Lehengusu guapoak ez, horrek ez zizkidan ikutu, demontre. Iritzi argirik ez zegoen eta gure aiton-amonak apaizarengana joaten ziren moduan joan ginen opor ostean medikuarengana. Normala omen zen eta mutil askori gertatzen omen zitzaien hori, ez zuen esan nahi titiak haziko zitzaizkidanik neska bati bezala.


Anekdotak ez du garrantziarik ez badut pentsatzen nolako alarma piztu zuen hark familian. Ze beldur ematen diguten oraindik gorputzek, ze susto hartzen dugun gure gorputzak arau barruan erabat ez badaude, eta bereziki, ze paniko sortzen duen neskak-mutilak (nun mutilak beti neskak baino hobe) bikote hori zalantzan jartzea. Eskerrak ez direla gorputzak moldeetara egokitzen. Ez beti.


Guardar

Guardar