beldurra



Betidanik beldur handia izan diot beldurra izateari. Beldurra ematen didaten gauzen zerrenda tinta ikusezinaz idatzi dut beti, beldurra izateak baino beldur handiagoa ematen didalako beldurra dudala esateak. Baina sinitsidazue, badago tinta ikusezinarekin zerrenda luzeak idaztea ere, eta nire beldurren zerrenda luzea da.


Beldurra diot bakarrik geratzeari. Ez dut bat gehiago izan nahi, baina ez dut bakarrik gelditu nahi . Mutila zarenean horrek esan nahi du barre egin behar duzula barre egitea tokatzen denean, norbaitek neska bati buruzko komentarioak egiten dituenean “ya te digo” batekin erantzun behar duzula, eta ez besterik. Nahiz ta komentarioak ez izan zure gustukoak: Ane apur bat puta da, Mariak titi erraldoiak dauzka, potola da ez-dakit-nor, zure ama histerika bat da, zure arreba txikia tonta da “Soy Luna” ikusten dituelako.


Gustatzen zaizkidan gauzak gustatzeak ere beldurra ematen dit. Ez zaidalako gustatzen beti gustatu beharrekoa. Futbolak askotan aspertzen nau, bestetan ez. Beldurra ematen dit pentsatze hutsak mutil bat gustatzen zaidala, edo ondo sentiarazten nauela berarekin egoteak bederen.


Beldurra ematen dit nire burua ezeren erruduntzat hartzeak. Nahiago dut pentsatu ez doala nirekin, ni ez naizela izan. Norbaitek matxismoaz edo arrazakeriaz hitz egiten didanean, nik badazpada esaten dut ni ez naizela horrelakoa, oso gaizki iruditzen zaidala gainera... Hori bai, tinta ikusezinean ondo gordeta dudan papertxo batean idatzita daukat: “bai, zu ere bazara”.


Beldurra ematen dit alboan dudana lagun bezala ulertzeak. Neskekin parez-pareko harremanak izateak, errespetuzkoak. Nahiago dut era ixilean kolaboratu gauzek antzera jarraitu dezaten, gu goian, besteak, azpian-edo. Beldurra ematen dit pentsatzeak batzuk beldurra galtzen ari direla, ez dut pentsatu ere egin nahi hemen begiak itxita nagoela, goian mantentzen gaituen eskailera dardara bizian dagoela, azpitik ostikoka ari zaizkiolako, indarrez.


Beldurra, beldurra, beldurra. Beldurra galdu behar dut beldurra dudala esateko. Esku batean beldurra hartuko dut eta bestean egoera hau aldatu behar delako konbentzimentua. Eta oinak martxan jarriko ditut, nagoen lekutik mugitzeko, eta bidean nire gizontasunarekin topo egiten dudanean, ostikadatxoa emago diot, harri koskorra bailitzan.