zerbait-egin


Lagun batekin hizketan ari ginen joan den egunean. Beldur Barikekoak etorri ziren aurrekoan gaztelekura, indarkeria matxistari buruz hitz egitera, betiko kontua. Jendeak pentsatuko du ez dugula gai honen inguruan nahikoa hitz egiten, baina sinetsidazue, azkenaldian asko hitz egiten dugu. Institutura etorri zirenean tailerra egitera, ez-dakit-zenbat-ordu ibili ginen gaiarekin gora eta behera. Gero inglesekoak esan zigun horri buruzko idazlana egiteko. Orain gaztelekuan ere, buelta eta buelta gaiari.


Badakit gai larria dela eta hori dena, gertatzen dena ez dela makala, baina jope, etengabe horri buruz hitz egiten egotea ere... Zer gaude, obsesionatuta? Emakumeek egunero bizi dituztela indarkeria ezberdin ugari, fisikoa bai, hori ezagunena, baina gero psikologikoa, eguneroko bazterketa, ekonomikoa, kultura mundukoa... Eta bai, ados nago, baina azken finean zer egin dezaket nik, mutil batek, honen inguruan? Etengabe esaten digute “zerbait egin behar dela”, baina zer ordea?


Egiten duguna egiten dugula, ez da inoiz nahikoa. “Nonbaitetik hasi behar da”, esan dit lagunak. Zerbait gertatzen denean ziztu bizian erasotzailearen kontra bagoaz matxote batzuk bezala portatzen garela esaten diguzue, horrela ez dugula laguntzen. “Gertatzen dena da zerbait egitea ez dela norbaiten kontra bat-batean egitea, baizik eta besteokin kontatzea denon artean zerbait egiteko, bakoitzak bere ardurak onartuz”. Ematen du ezin dugula ezer egin mutilok mutil bezala. “Mutila izatea arazoaren parte da, eta artalde (edo otso talde) horretatik urruntzen jakin behar dugu, beste era batera pentsatzen”. Jope, baina orduan zer egingo dut? “Ba ez dakit zer egingo dugun, baina pentsatu zerbait egitea ez dela zuk nahi duzuna egitea, zerbait egitea gauza asko izan daitezke”.


Pentsakor geratu naiz, “hurrengoan agian ez dut ezer egingo”, bururatu zait. Baina ez, badakit ez dela posible ezer ez egitea.


Guardar

Guardar