Bakarrik sentitzen naiz maitasunaren aurrean, erabat babesgabe. Maitasunak gainditu egiten nau, maitasuna agertzen denean oso txikia sentitzen naiz eta ez da, pentsatu dezakezuen bezala, ez dudalako jakiten zer egin. Guztiz kontrakoa: beldurtzen nauena zera da, badakidala une bakoitzean zer egin behar dudan. Zergatik nire bizitzako beste kontu batzuekin ez daukat ideia izpirik ere zer egin behar dudan eta honekin, danba!, oso garbi, garbiegi dut.


Maitasuna agertzen denean pasioz bizi behar (omen) dut. Mutila izanik, neskekiko maitasuna pasioz eta mutilekikoa lotsaz bizi behar (omen) dut. Lagunekiko maitasuna ez (omen) da maitasuna, noski, beste gauza bat (omen) da; maitasuna (omen) da jende guztiarentzat hain misteriotsua, hain azaldu-ezina eta aldi berean munduaren epizentroa. Ba nik aspaldi utzi nion sinisteari hain gauza misteriotsu eta azaltzen ezinezkoak nire bizitzaren zentroa izan behar zirela. Inork ez daki zer demontre den maitasuna, baina gero “denok maitemindu behar dugu, “ez gara ezer maitemindu arte”, “ikusiko duzu gertatzen zaizunean”... Nik uste hemen tranpa dagoela.


Noski nahi  dudala jendea maitatu, jende asko maite dut gainera, baina horrek ez du esan nahi sinetsi behar dudanik maitasunaren pakete osoa. Egun batetik bestera maitemindu behar dudala. Ba ez. Maite dudan jendea beste jende batekin ondo konpontzen bada gaizki sentitu eta haserretu behar dudala. Ba ez. Norbait maite badut normala dela batzuetan nire burua ez kontrolatzea eta bestea nahi ez duen zerbait egitera bultzatzea. Ba ez. Maite badut norbait berarekin uneoro egon nahi dudala. Ba ez. Maite dudan pertsona babestu behar dudala munduko gaitz guztietatik bere bizkartzaina izango banintz bezala. Ba ez. Norbait maitatzeak eskubidea ematen didala uneoro non, zertan eta norekin dabilen jakiteko. Ba ez. Jarraitu nezake baina “ba ez” larregi jarri ditut testu honetan.


Ez ditut nahi gauzak argi izan, ez eta maitasunak “itsutzen” (oh!) nauen uneetan ere. Nire buruari, parekoari, parekoei eta inguruari begiratu eta pentsatzeko eta sentitzeko gaitasuna izan nahi dut. Maitasunari begiratu nahi diot ez burutik behera erortzen zaigun ur baldekada bezala baizik eta egunez egun betetzen eta husten goazen ur erreserba bezala, bere korronte eta olatuekin, noski.



via GIPHY


Guardar


Guardar


Guardar


Guardar