Beldur Barik programaren edizio berri martxan da. Programa hau urtero egiten da gazteekin indarkeria sexista prebenitzeko asmoarekin. Emakundek antolatzen du eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien zein EUDEL-en babesa eta beste erakunde batzuen laguntza jasotzen du: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saila, Enpleguko eta gizarte politiketako sailaren Gazteria Zuzendaritza, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) eta EITB. Egitasmoa 2009an sortu zen berdintasunaren aldeko euskal udalen Berdinsarea sarearen barruan.

Beldur Barik lehiaketa programaren ekintza nagusienetako bat da. Aurtengo edizioko leloa "Beldur barik jarrera partekatu" izango da, sare sozialei erreferentzia eginez, kultura matxistaren zein indarkeria sexistaren adierazpen desberdinak eraldatzeko norbanako zein taldekako konpromisoa zabaltzeko.

Lehiaketa 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendua dago, eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. Lan horiek erakutsi behar dute nola neska eta mutilek ezberdintasun egoerei aurre egiten dieten Beldur Barik jarrerarekin; alegia, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin. Lanak aurkezteko epea gaur, irailaren 24an, irekitzen da eta azaroaren 9an itxiko da. Parte-hartzeko bi kategoria daude: batetik, 12-17 urte bitartekoak, eta, bestetik, 18-26 bitartekoak. Lehiaketan parte hartu daiteke bakarka edo taldeka (ikastetxe bat, gela bat, elkarte bat). Iazko edizioan 390 lan eta 2.664 gazte aurkeztu ziren. Datuek erakusten dute,beraz, urtez-urte haziz doala lehiaketaren harrera ona.

Programak, gainera, web gunea (www.beldurbarik.eus) eta sare sozialetan perfilak ditu (facebook, twitter, instagram eta spotify) Beldur Barik jarrera gazteen artean zabaltzeko. Sortutako eduki eta interakzioekin, hausnarketa eta eztabaida prozesuak ireki nahi dira. Helburua da jarrera eta jokabide sexisten eraldaketarako espazio positibo eta erreferentea sortzea, non kultura matxistarekin hausten duten pertsona eta ekimenak ezagutzera ematen diren.