Badaude testuinguru batzuk non jada egiten den indarkeria sexualaren identifikazio eta prebentzio lan hori; bai urteetan zehar berdintasun sailak garatzen duen estrategia izan delako, bai jai batzorde eta kolektibo feministen arteko elkarlana dagoelako gai hau lantzerako orduan.


Baina beste leku batzuetan, berriz, inoiz ez da horrelako lanketarik egin, gehienetan, baliabide tekniko eta ekonomikoak falta izan direlako.


Egoera guzti horiek aintzat hartuta, BB Gunea proiektuak estrategia anitzak definitzen lagundu eta sustatuko dituen laguntza teknikoa izateko asmoa dauka, beti ere, BB Jarreraren mezuak indartuz.


Aldi berean, gure ustez, egokiena da definizio hau eragileen arteko lankidetzarekin egitea: udala, jai ekimenen antolatzaileak eta kolektibo feministak. Koordinatutako lanketaren bidez, adostutako kanpainak egitea da asmoa, herritarrengana hurbilduz eta kanpainak eurekin bat eraikiz. Horregatik, beharrezkotzat jotzen dugu kanpaina hauek tokian tokiko prozesuen bidez sortzea.


Koordinatutako eta zeharkako lan honen bidez, tokian tokiko beharrizanei dagozkien kanpainak sortuko ditugu. Gainera, tokiko prozesu hauetan parte hartuz, BB mezuak gazteen elkarbizitza eta jendarteratzea gauzatzen den ohiko guneetara hobeto helaraziko ditugu. Horrela, BB programak garatu nahi dituen gaitasunak indartuko dira:




  • Gazteek daukaten eragiteko gaitasuna indartzea.

  • Sexualitatearen bizipenari buruzko mezu positiboak sortzea.

  • Estereotipatu gabeko erreferentzia ereduak ezagutaraztea.

  • Euren estrategiak baloraraztea.

  • Indarkeriak identifikatzeko, prebenitzeko eta erantzuteko estrategia komunak sortzea (zer diren eta non eta zelan gertatzen diren)…


Udaletako berdintasun sailaren ardura izango da tokian tokiko prozesu horiek sortzea, horretarako zeharkako lan ildoak sortuko dira, bai udaleko beste sailekin (gazteak, kultura, euskara, kirola, parte hartzea…), baita herrietako jendarte eragileekin ere (kolektibo feministak, jai batzordeak…).


Ekimen honetan parte hartzeko eta bere lan-erramintak erabili ahal izateko, nahiz Beldur Barik programa kudeatzen duen Idazkaritza Teknikotik laguntza jasotzeko, hurrengo irizpideak bete behar dira:




  • Zure udalerriak Berdintasun teknikari bat izatea

  • Berdinbidean barruan dauden udalerri txikietako bat izatea


Irizpide hauek betzen badituzu, jarri zaitez gurekin kontaktuan BB Gunea zure udalerrian martxan jartzeko posta elektroniko honen bidez: beldurbarik@beldurbarik.org