Pentsatu, eztabaidatu eta ekin
Beldur Barik jarrerarekin!


Uda eta jaiak estreinatu berritan, gertatu dira, jada, gurean ere, hainbat sexu eraso eta gehiegikeria:
Hernanin, Arrasaten edota Txantrean, kasu. Eta horien aurrean, sexu gehiegikeria horiek ekidin asmoz, ohikoak izaten dira neskoi igorritako betiko mezu eta gomendioak: ez joateko bakarrik, ordu-txikitan ez ibiltzeko… Emakumeak biktima ez izateko gomendioak.


Baina, zergatik ez alderantziz? Nortzuek dute arazoa? Emakumeek edo erasoak burutzen dituztenek? Zergatik ez, sexu-erasotzaile ez izateko gomendio eta mezuak? Zergatik ez, sexu-erasoak nola ez burutu gomendatzen dituzten mezuak? Badirudi, gure egunerokoan parekidetasunerako nolabaiteko diskurtso bat dugula, pakto bat ezarrita, zeina "politikoki egokia" den plano batetan errespetatzen dugun. Baina badaudela testuinguru batzuk, non ulertzen den pakto horiek albo batera utz daitezkeela, badagoela "benetako zena" ateratzeko askatasuna edo permisibitatea. Beraz, esan genezake gure kontzientziatan badaudela zenbait "puntu itsu".

Beraz, ezinbesteko dugu jaietako "puntu itsu" horiek azaleratzen lagunduko dizkiguten mezuak. Esatea, posible direla beste era batzuetako jaiak.  Ezbaian jarri behar ditugu, naturalizatuta ditugun jokaera horiek. Ezinbesteko ditugu sexu-erasoei Beldur Barik aurre egiten dioten ekimenak. Honen harira, hainbat herrietako jaietan, neska-mutilek, emakume-gizonek, eraso sexisten aurreko beraien gaitzespena adierazteko ekimenetan hartu dute parte..

Irunen, esaterako “Eraso sexisten aurrean, atera zure bibotea!” ekimena atera dute. Ekimenaren xedea da “…festetan sortzen diren indarkeriazko espazio inpuneak borrokatzea, barrearekin eta ironiarekin (…)barre egiten diogu emakumeak jaietan gozatu ezin dugula pentsatzen duenari, barre egiten diogu matxistari, arrazistari, homofoboari”. Horretarako, besteak beste, photocall antzeko bat antolatu dute jendeak bibotea jarrita argazkia atera eta eraso sexisten aurka daudela adierazteko.


 San Ferminetan ohikoak diren sexu-erasoen inpunitatearekin apurtzko Gora Iruñea herri-plataformak eta Eraso Sexisten aurkako Emakumeen Plataformak, elkarlanean, #zeroeraso  ekimena antolatu dute. Ekimen horretan, elkarte desberdinek hartu dute parte, eraso sexisten aurreko beraien jarrera aktiboa erakusteko. Eta horretaz gain, autodefentsa feministarako hainbat ikastaro antolatu dituzte  "...erasotzen gaituen orori aurre egiteko Autodefentsa Feministarekin. Preparatu egingo gara, gure arteko sareak ehunduko ditugu, elkartuta indartsuagoak garelako"




 

Eta zuen herrietan, antolatu al dituzue sexu-erasoen  inpunitatearekin, puntu itsuekin, hausteko ekimenik? Elkarbanatu gurekin! Elkarbanatu Beldur Barik Jarrera!!

Jaiak eta ohiturak: aldaezinak? Jaiak eta ohiturak: aldaezinak?

Atzo San Juan bezpera izan zen, usadioz eta kontu ugariz betetako eguna. Egun magikoa. Gure herrietako jai eta ospakizunak ohiturezjosiak daude, askotan zalantzan ere jartzen ez ditugunak: nondik datoz, zer esan nahi dute, nortzuk dira protagonistak? Zeren eta, jaiak baztertzaileak izan ohi dira. Mutil izateko modu batek dauka ahotsa, lekua, zentralitatea. Horrela erakusten digu 2013ko Beldur Barik lehiaketara aurkeztutako ikus-entzunezko honek. Genero arauek maskulinitateari ematen dioten boterearekin hausten dugunean, erasoak ohikoak dira. Eta heteroaraua hausten dugunean, oraindik ere, are gehiago.


Jaietan agresio homofoboak ere ugariak izaten dira. Eta, horrela gogorazten zigun Mikel Ayerbek 2012an uztarria.com-en idatzi zuen post-ean. Berak bizi izandako bi gertaerak kontatu nahi zituen salatzeko  jai giroan edota ohiko eguneroko bizitzan gure inguruan ohikoak izaten diren 'mikro-homofobia' ekintzak eta erasoak : “Gertaturikoa lagunei kontatzeko orduan, behin baino gehiagotan nik ere zalantza egin dut eraso hitza erabili edo ez, eraso hitza bortitzegia bailitzan. (…) Eraso hitza ekintza eufemismoarekin estaltzeak hori bera adierazten baitu, sarritan erasoak jasandakoan ere ez dugula nahi izaten kontuari hainbesteko garrantzia ematerik. (...)' Mikro-homofobia' terminoa 'mikro-matxismo' terminoaren aldaera gisa erabili asmo dut, hain zuzen, emakumeek sarritan jasaten dituzten ekintza eta eraso matxista txiki baina errepikatuak izendatzeko terminoaren baliokide gisa. Jakina baita emakumeek maiz jasan behar izaten dituztela gertakizun, irain eta ekintza matxistak, sarritan oharkabean bada ere, eta, gainera, esan bezala, zenbaitentzako gertaerok "ez dira hainbesterako izaten".


Zergatik eraso guzti hauek? Zergatik batzuen desfaseak dauka hainbesteko kabida jaietan? Ordua da jaien inguruan orokortuta dagoen kontzeptuarekin hausteko. Batzuen jaiak izatetik denon jaiak izateko. Gure sexualitatea nahi dugun bezala, nahi dugunarekin eta nahi dugun beste gozatu ahal izateko, erasoen beldurrik gabe. Gutxi batzuen tradizioekin hautsi, beste guztiak sartu ahal izateko. Normalitatearekin, betikoarekin hautsi behar dugu, nola edo hala, indarkeria justifikatu egiten dutelako.



Iturria: Zeatikezpa.org-tik hartutako bideoa


 

Laino guztien azpitik, sasi guztien gainetik... Hautsi dezagun genero eta heteroarauarekin, gure tabernatan eta plazetan!


Eta ospa dezagun Ekainak 28a, gay, lesbiana eta transexualen harrotasun eguna: sexu-aniztasuna eta identitate ezberdinen existentzia aldarrikatzeko eguna. Horretarako, hainbat ekintza antolatu dira gure hiriburu eta herrietan. Parte-hartu!!

Buff, zelako mozkorra… Ohera sartu baino lehenago dutxa hartu eta zerbait jatea desiatzen ari zara. Zelako luze egiten ari zaizun txosnetatik etxerako buelta… Ai, zer da hori? Pausuak entzun dituzu. Norbait dator zure atzetik ala? Ba ez. Ez dator inor. Tuntun, tuntun, tuntun. Bihotza taupada bizian jarri zaizu; ahotik ziztu bizian irten behar zaizun zaldi zoroa da. Lasaitu, aber, zure irudimena dela diotzazu zure buruari. Tuntun, tuntun, tuntun. Bihotz taupadak arnasarekin nahasten zaizkizu eta bihotz taupadak, pausuekin. Tuntun, tuntun, tuntun. Portaleko atea irekita dago. Hasi korriketan, atera heldu behar zara. Benga, benga...!


 Zure etxeko atarian zaude, sarrerako atea zure bizkarrean itxi berri. Izerdi tantakadak bekokitik behera erortzen zaizkizu. Arnasestuka zabiltza. Korrika batean etorri zara zubitik hona! Pausuak benetan entzun dituzu? Norbait etorri da zure atzetik? Ala zure irudimena izan da?


Beldurrak burua endredatu eta gorputz osoa paralizatzen digu. Beldurrak, iluntasunean, ez dagoena ikusarazten digu, sentiaraztencaperucita-roja-lobo gaitu txiki eta hauzkor, egiten gaitu ahul. Izan ere, beldurrean hezten gaituzte. Une oro, nondik, noiz eta nola ezin dugun joan esaten digute. Ahulagoak omen garelako, hauzkorragoak. Erasotuak izanez gero, akabo. Eta hori dena  sinistuarazteaz arduratzen diren hamaika ipuin, mandato sozial eta zurrumurru ditugu gurean. Zuri, ere, esan dizkizute? Kontuz izateko gauean, bakarrik ez etortzeko etxera, ez joateko horrela jantzita…? Txanogorritxuren ipuina kontatu digute, etxera bueltatzeko ordua jarri digute, eskolako inguruetan bortxatzailea zegoenaren zurrumurruak zabaldu dituzte…


Maitena Monroy-k   ikara sexuala deitzen dio horri. Alegia, emakumeak kontrolpean mantentzeko, gizarte sexistak elikatzen duen beldurra: “ Emakumeak kontrolatzeko modu bat da. Familiak eta lagunek, intentzio onez, mezuak igortzen dizkigute une oro, babesteko. Baina babes faltsua da, zeren eta, ikara igortzen digute, esaten digute ezin dugula ezer egin. Hobeto dela ez arriskatzea”. Esteka honetan elkarrizketa osoa irakur dezakezu.


Baina azaldu al digute inoiz, nola defendatu gure buruak? Txikitan norbaitek joz gero, esaten ziguten guk ere jotzeko edo irakaslearengana joateko?  Erakutsi ziguten nola eman ukabilkada bat? Ostiko on baten teknika? Ez. Baina, seguru, gure nebari, lehengusuari, klaseko mutilei baietz. Kriston entrenamendua izan dute: ez egin negarrik, bildurra baduzu hortzak estutu, klaseko horrek berriro jotzen bazaitu hau egin behar duzu…  Eta, zergatik, sexu erasoak prebenitzeko hainbeste mezu neskoi, eta, hain gutxi, mutilei? Esaten diete nola portatu, nola ez erasotu? Azaldu diete sexu-harreman  baten eta sexu-eraso baten arteko ezberdintasuna?




mujer maravilla "Mujer Maravilla" superheroia

Arriskua egon arren, ez gara etxean geratuko, dena, gure logelatik kanpo gertatzen den bitartean, ezta?Juergak, bidaiak, kontzertuak, abenturak… Sinistu behar dugu ausartak, indartsuak garela. Bagarelako. "Mujer Maravilla"-k dioen bezala, erraza da kateak haustea, baldin eta badakizu ahal izango duzula . Zure burua defendatu ahal izango duzu, baldin eta,  zure buruarengan sinisten baduzu!Dena dela,  beti har ditzakezu badaezpadako neurriak: lagunei esan nora zoazen, mugikorra aldean eraman... Hala ere, oraindik ere, seguru sentitzen ez bazara, parte-hartu  autodefentsa ikastaroetan !


Arazoa, askotan, beste herri batzuetako jaietatik bueltatzen garenean izaten dugu. Zenbat alditan bueltatu behar izan gara gure gurasoekin edo autostop egin etxera bueltatzeko…? Izan al duzu inoiz arazoren bat beste herrietako jaietatik bueltatzen? Arazo lez ikusten duzu, arrisku bezala? Ba al zenekien, munduko herrialde desberdinetan taxi rosak jarri dituztela? Bartzelonan, Mexikon … Emakumeen aurkako sexu agresioak prebenitu, asmoz, emakumeek gidatutako taxiak dira horiek. Zer, antolatuko ditugu Euskal Herrian ere, gure taxi lilak ?




Txosnatan zaude eta aspaldi fitxatuta duzun horrekin tonteatzen hasten zara. Begirada bat botatzen diozu, berak ere zuri beste bat… Irrifarre bat, hurbiltzen zara. Hitz bat, galdera bi eta dantzatzen hasten zarete. Ferekak, musu iheskorrak… Halako baten, lagunak datoz, tabernetara doazela. Ahaztuta zenituen, hain gustora zeunden...! Hasieran ez dakizu zer egin, baina erabakitzen duzu beraiengana joatea. Kointzidituko duzue beranduago, eta, bestela, geratuko zarete beste egunen baten! Esan egiten diozu baina ez dio graziarik egiten. Esaten dizu ea nola berotu dezakezun horrela eta gero joan.  Ez izateko hain “monja”.




nire erabakia Nire alua, nire erabakia, nire gorputza, nire ahotsa

Horrelako egoera batean, besteak esaten digunak asko eragin gaitzake, txarto sentiarazi, ematen du arazoa gugan dagoela.  Baina agian arazoa da sexua ulertzeko modua … Zeren eta, zergatik ulertu hasiera eta bukaera batekin? Zergatik ez ligatu, ligatzearen plazerragatik? Ez da zertan izan behar, soilik, zirri batzuekin hasi eta narrutaldi batetan amaitzen den zerbait. Sexualitatea zerbait zabalagoa da, azken finean, plazerra bilatzeko eta sentitzeko dugun gure gaitasun propioa da. Eta sentitzeko eta bilatzeko hamaika era daude. Nork dio modu bakar bat dagoenik?


Baliteke tonteatzen bakarrik, jada, disfrutatzen egotea, ezer fisikorik nahi ez izatea. Edota mosu eta zirri batzuekin ikaragarri ongi pasatzea. Edota baliteke, hainbeste gustatzen zaizun pertsona horrekin narrutan egiteko sekulako gogoak izatea, baina nahiago izatea beste egun baterako uztea: mozkortuta zaudelako, nekatuta, urduri...  Norberak erabakitzen du  zer egin nahi duen, norekin eta nola.   Nahiz eta gau osoan biak berotzen ibili zareten, nahiz eta txortan egiten zaudeten, beti duzu aukera ezetz esateko.  Ez bazaude eroso, ez bazaizu gustatzen egiten ari zaretena... Adierazi sentitzen duzuna, nahi duzuna, BELDURRIK GABE ! Edozein momentutan esan dezakezu EZETZ!  Denak balio du beti ERRESPETUA dagoen bitartean. Ez zaitzatela txarto sentiarazi, zeren eta, zure gorputzarekin, zure plazerrarekin zer egin nahi duzun erabakitzeko eskubidea duzu. Sexua plazerra disfrutatzeko delako, ez txarto pasatzeko.


Bale, norbaitek esango du frustrantea izan daitekeela, ilusioak egin eta gero, ezetz bat jasotzea. Ez gertatzea esperotakoa. Baina zer egingo diogu ba? Onartzea tokatzen zaigu. Bi pertsonek sexu harremanak izatea erabakitzen dutenean, bien arteko erabakia da. Batek zerbait egin nahi ez duenean, HOR DAGO MUGA. Gainera, beste pertsona horrek ezer gehiago ez duenean nahi, zertarako ekin?   Ez jarri zure plazerra bestearen gainetik, entzun eta enpatizatu. Baiezkoa denean, GOZATU! Eta ezezkoa denenean, GAME OVER!


Ligatzeari buruzko zalantzarik geratu bazaizue, bisitatu gure errespetuz  ligatzeari buruzko dekalogoa!


 
 

Ekainan zehar, Beldur Barik blogean jaiei eta ligatzeari buruz hitz egingo dugu. Badatorrelako uda. Eta udarekin batera jaiak: ondo pasatzeko gogoak, dantza egiteko, jende berria ezagutzeko, ligatzeko… Baina batzuetan badirudi denak balio duela, desfasea guztian egon daitekeela. Baita ligatzerako orduan ere. Eta askotan, hor izaten gara, zalantzatan. Pasatzen ari zaidana, lekuz kanpo dago edo nire paranoia da? Gertatu zaizu?




Ligatzea: non dago muga? Ligatzea: non dago muga?

Lagunekin juergan zaudela, kriston dantzak botatzen, izugarrizko iskanbila sortzen. Eta bat-batean, koadrila bat hurbiltzen zaizuenean. Hasieran zuekin dantzan, geroago zuekin ligatu nahian. Baina ez duzue ligatzeko gogorik, ondo zaudetelako zuek zuetara. Esan egiten diozue, baina ez dute ulertzen nonbait, hor jarraitzen dutelako. Kriston kaka sartzen.



Edo ezaguna den herriko horrekin hitz egiten hasten zarenean. Hasieran kriston txorradak jaurtiz aurreko egunean telebistan ikusitako zerbaiten gainean, barrezka. Baina baziladak zuregan zentratzen hasten dira. Nabaritzen duzu erdi bazilada erdi ligoteoa dela. Eta, bat-batean, bere eskuak zure titi gainean jartzen dizkizu. Ez dizu egiten hainbesteko graziarik, distantzia jartzen duzu eta jada ez duzu hain maja erantzuten. Bere jarrera: ez izateko hain borde.



Edo norbaitekin ligatu duzunean. Eta ez duzunean joan nahi musu edo zirri batzuetatik haratago. Eta presionatzen hasten zaizunean, esanez, nola utz dezakezun horrela, bero-bero dagoela, ez izateko horrelakoa…


Egoera horiek eta antzekoak ugariak dira. Eta jaien testuiguruan kostatu egiten zaigu bereiztea, zer den juergaren parte eta zer, gehiegikeria, noiz ari diren pasatzen. Zeren eta, aurre egiten dugunean, zerbait erantzuten dugunean, gu gara bordeak, paranoikak, “kortarolloak”…


Bizi izan al duzu horrelako egoerarik jaietan? Zein izan da zure erantzuna? Elkarbanatu gurekin zure bizipen eta estrategiak!

Eraldatu dezagun batera! Email bat jasoko duzu hileko berriak biltzen dituen boletinarekin. Izan zaitez lehena, guztiaz enteratzen!

Jarraitu gaitzazu
Sare Sozialetan!

Facebook Twitter RSS YouTube Instagram Telegram Spotify