Beldur Barik gazteekin elkarlanean indarkeria sexista prebenitzeko programa da. Indarkeria sexistari ekiteko modu, jatorri eta ondorioei buruzko ikuspegia zabaltzeko programa da. Indarkeria sexistari ekiteko modu horrek estereotipoak eta mugatutako pertzepzioak alboratzen ditu, hau da, bikote edo bikote ohiaren harremanetara mugatzen den indarkeria sexista baino harago doa.


Programak indarkeria sexistak normalizatu eta eusten dituen indarkeria guztiak identifikatzen ditu, hain zuzen ere, indarkeria horiek sotiltasunez bereganatu ditugulako gure egunerokoan eta horren ondorioz, ikusezin bihurtu direlako. Identifikatzeaz gain, indarkeria sexistari aurre egiteko aldaketarako baliabideak ematen dira, norbanako zein taldearen jarrera eta portaerak oinarri hartuta.


Horretarako, kultura matxistarekin hautsi eta indarkeria sexistaren agerraldien kontrako jarrera aktiboa duten gazteak erreferente bihurtu eta balorarazten ditu. Hau da, Beldur Barik Jarrera delakoa sustatu egiten du.


Neskei zuzendutako mezuekin, indarkeria sexista ezagutu eta antzemateko tresna eta baliabideak helarazi nahi dira. Mutilekin, berriz, portaera sexisten prebentzioa lantzen da, indarkeria sexisten aurrean funtzio aktiboa eduki dezatela sustatuz.


Eskuartean daukazuen Beldur Barik biral hau BB Jarrera ondoen irudikatzen duten aurreko emanaldietako BB lehiaketan aurkeztutako lanen aukeraketa da. Biralaren helburu nagusia da gazteei BB Jarrera zertan datzan modu entretenigarrian azaltzeko tresna helaraztea, besteak beste: hausnarketa eta eztabaida prozesuak sustatu, eta, sexismoaren aurrean jarrera aktibo eta eraldatzailea sustatuz.



BB BIRALAREN HELBURU ZEHATZAK



  • Indarkeria sexistari dagozkion mugatutako eta estereotipatutako ikuspegiak zabaltzen jarraitzea, gehien bat, gazteen egunerokoaren parte diren oharkabeko desberdintasun adierazpen eta egoerak identifikatzeko.

  • Indarkeria sexistari buruzko hausnarketa eta eztabaida prozesuak sortzen laguntzea, jarrera kritiko, apurtzaile eta erantzunkidea sustatzeko.

  • BB Jarreradun ereduak helaraztea, aldaketa eta indarkeria sexista gainditzeko bide berriak eraikitzen errazteko.

  • Kultura matxista eta indarkeria sexistaren aurrean jarrera transgresorea duten gazteak baloraraztea.


 

JARDUERA GARATZEKO BALIABIDEAK ETA EDUKIAK



  1. BB birala azaltzeko dokumentua.


Dokumentu honek tresna osoa azaltzen du.

  1. Zine foruma egiteko ikus-entzunezko materiala


Aurreko BB emanaldietan aurkeztutako laburmetraien aukeraketa da.

Aukeraketaren helburua da oharkabeko indarkeria sexistaren hainbat egoera eta adierazpen erakustea. Horrez gain, indarkeria sexistari aurre egiteko ekimen aktiboa garatzeko hainbat jarrera eta erantzunen berri ematen da, hain zuzen ere, BB Jarreratzat hartzen ditugun horiek.




  1. Zine foruma dinamizatzeko gidoia


Gidoi honetan BB lanen proiekzioaren bidez gazteekin hausnarketa eta eztabaidaprozesuak garatzen laguntzeko jarraibide errazak eta argiak eman nahi dira.


Zer dago gidoian?

Lan bakoitzeko fitxa tekniko eta didaktiko bana dago. Fitxa teknikoan lanari buruzko informazio orokorra dago: ze emanalditan aurkeztu zen, nortzuk egin zuten, iraupena, etab. Bestalde, fitxa didaktikoan eztabaida dinamizatzeko galderen gidoia dago: lanean azaltzen diren desberdintasun edo indarkeria sexista egoerak identifikatzea; zein den lanean proposatzen den BB Jarrera eta berau praktikan jartzeko aukerak; eta azkenik, zein EZ litzateke izango BB Jarrera egokia bideoetan azaltzen diren indarkeriei aurre egiteko.



JARDUERA GARATZEKO BEHARRIZAN TEKNIKOAK


Zine foruma antolatzeko honako baliabide hauek behar dira:

  • Birala ordenagailuan, DVD edo pendrivean deskargatzea.

  • Ordenagailua

  • Bozgorailuak

  • Proiektorea

  • Kableen luzagarria

  • Pantaila, horma, izara edo arbela zuria


 

Zine Forum BB Jarrera: Birala erraminta lantzeko, beldurbarik@beldurbarik.org helbidera bidali posta elektroniko bat eta dinamizatzeko gidak zein BB bideo birala bidaliko dizugu errezten diguzun helbidera.